Abenduak 20 (astelehena) Alainerekin nuen erronka bete dut. Konfiantza lortu du nigan eta azkenean, amantala eta jaka jartzeko laguntasuna ematen utzi dit. Egia esan, ez dakit zergatik kostatu zaidan haur honek nigan konfiantza izaten lortzea. Berdin tratatzen ditut haur guztiak eta lehenengo egunetik haurrekin harreman polita sortu nuen. Badakit Alainek mesfidantza handia duela edozer gauza, ekintza edo pertsonen aurrean baina zortzi aste kostatu zait haur honek ni konfiantzazko pertsona bat naizela pentsatzea. Egoera honek, hausnarketa batera bultzatzen nau baina ez zergati batera. Haur guztiak berdin tratatu ditudala uste dut eta ez dut arrazoirik ikusten nigan konfiantza ez izateko. Haurra mesfidantza handiduna da eta behar bada afektibitate arloan berarekin gehiago saiatu beharko nintzen. Berandu da jada, baina hurrengo baterako kontuan izan beharko dut. Abenduaren 21(asteartea) Gaur abestien karpeta eraman dute etxera. Gurasoei erakutsi eta haiekin batera abesteko. Abenduaren 22(asteazkena) Gaur, margotutako marrazkien karpeta eraman dute etxera. Norak itzelezko karpeta eraman du bistakoa da marraztea asko gustuko duela. Abenduaren 23(osteguna) Gaur Olentzero etorri da gelara eta haur eta irakasle guztiok baserritarrez joan gara jantzita. Egun espeziala izan da eta ordutegia ere aldatu da. Hamarrak arte motorrekin aritu dira jolasean eta gero bideoak jarri diegu. Pingu eta pirritx eta porrotzen bideoak jarri dizkiegu. Olentzero etorri denean haur asko negarrez aritu dira baina bakoitzak bere oparia jaso du (pandereta). Opari horietaz gain, gelarako jostailuak ekarri ditu: puzzleak, animaliak, telefonoa… Olentzero joan denean, poz pozik aritu dira jolasean opari berriekin. Jantokira joan aurretik, Karmelek opor luzeak izango ditugula azaldu die beraz, ez ginela eskolara etorriko denbora luzean. Horretaz gain, bueltan ez naizela berriz etorriko azaldu die eta ulertzen ez duten aurpegia jarri dute denok niri begira. Muxu bana eman didate eta jantokira joan dira. Amaitu zait egunero irribarre batekin altxatzea, haurren besarkada eta muxuak jasotzea, negarrak eta oihuak entzutea… faltan botako dut egunerokotasun hau. Esperientzia honek argi utzi dit nire etorkizuneko lana izango dela egiaztatzeko.
Abenduak 13 (astelehena) Gaur Olentzero paper handi batean margotu eta paperezko bolatxo urdinak itsatsi dituzte. Hau, bederatzietatik hamarrak artean izan da. Haur guztiak motor eta blokeekin jolasten zeudelarik, hauetako lau gela batean sartu eta Olentzero marrazten aritu dira. Haur guztiak deseatzen zeuden marrazteko, gauza berria zen eta egin beharra sentitzen zuten. Gero, marrazten zeudela, arin aspertzen ziren eta txandaka beste lau haur sartzen ziren marraztera. Hau ikusita, ekintza erakargarriagoa egitea pentsatu dugu (azken finean marraztea egunero egiten duten zerbait da eta asko gustatu arren, aspertu egiten dira) eta azkenean, paperezko bolatxoak itsastea pentsatu dugu. Haurren erantzuna ez da oso desberdina izan, kola zuria bota (irakasleak) eta haien bolatxoak jarri behar zituzten. Hemen ere, arin aspertu dira baina txandak egiten ditugunez, denon artean Olentzero dotore bat egitea lortuko dugu. Abenduak 15 (asteazkena) Olentzero eta Mari domingiren marrazki handiak bukatu ditugu. Bai, lortu dugu Olentzero dotore bat egitea. Horrela, jantokiko orman pegatu dugu, denok ikusgarri izan ditzagun.
Abenduak 10 (ostirala) Gaur Mohamed etorri da eskolara. Mohamed Saharako haur bat da eta hilabete inguru egon da han. Kurtsoko lehenengo hilabetean zehar gelara joan zen eta ondoren Saharara. Mohamed ez da nire gelakoa 2An dago eta Eli da bere irakaslea beraz, hasieran Elirekin egon da bakarrik. Ez du nahi izan ez motxila ez berokia kentzerik eta ez diogu behartu. Geroago, bere gelakideak urreratu zaizkio eta jolasten hasi da baina irakaslea lekuz mugitu denean negarrez hasi da. Jolasean zegoen baina irakaslea ere kontrolatua zeukan, ez zegoen seguru, ez zeukan lekuarengan konfiantzarik ezta gela kideetan ere. Denbora pasa ahala zabaltzen hasi da irakasleak berokia eta motxila kentzera behartu duen arte. Ez zait jarrera hori oso egokia iruditu, azken finean, Mohamed bere gauzekin segurtasun txiki bat lortzen baitzuen eta zuen apur hori kendu egin dio. Mohamed lasaitzeko irakaslea abesten hasi da eta beste gela kideak bezala pozik ibili da abesten eta dantzan. Gabonetako zuhaitza egiten hasi dira. Kartulina batean irakasleak prestatutako zuhaitz bat izan da eta haurrak gometsak itsatsi behar izan dituzte. Hau, gabonetako sekuentzia didaktikoaren ekintza bat da eta horrela, haurrak edukiak lantzen aritu dira. Plastika txokoan aritu gara zuhaitza apaintzen. Irakasle bat bi edo hiru haurrekin jarri gara laguntzeko, bakarrik egitea asko kostatzen baitzaien. Harrigarria izan da haurren arteko desberdintasuna. Batzuk, lau gomets ipini eta aspertuta beste txoko batera joaten ziren, motrizitate fina landuta ez dutenek arazoak izan dituzte gometsak jartzerako orduan eta apurtu edo tolestu egiten zitzaien hauek amorraraziz. Ezer gertatzen ez dela haurrari adierazi eta pozik beste gomets bat hartzera joaten ziren. Psikomotrizitate fina lantzea da ariketa honen helburuetako bat eta argi dago bete dela.
Azaroak 29 (astelehena) Gaur harrera eta jantokiko espazioan geratu gara jolas orduan (goiz guztietan bezala motor eta blokeekin jolasten), Pirritx, Porrotx eta Mari Mototx etorriko diralako Berrizera eta polikiroldegian jarri dute haien eszenarioa. Amorrua eman dit jakin dudanean, bi urteko haurrak ez baitute jolastokirik eta ondorioz, polikiroldegira joaten dira azken errekurtso bezala. Ikastetxea txikia dela badakigu eta nola ez hori haurrak ordaintzen dute. Bestalde, hamarretan sartzen diren haurrak motor eta blokeekin jolasteko aukera izan dute eta polita izan da hori ikustea. Aimar adibidez, hasieran beldurtuta ibili da baina motor bat lortu duenean poz pozik ikusi izan dut beraren gainean. Ondo etorri da hamarretan sartzen direnendako, haiek ez baitute normalean motorrekin eta blokeekin jolasten eta horretarako aukera izan dute. Azaroak 30 (asteartea) Gaur ere jolas ordua harrera eta jantokiko espazioan pasa dugu. Horregatik, tenperarekin marrazki bat marraztea proposatu dute irakasleak. Gela batean sartu eta mahai batean tenpera berdea jarri dute marrazkiko belarra marraztu dezaten. Launaka joan dira sartzen eta horrek urduritasuna piztu du beste guztien artean, motorrekin edo blokeekin jolastu beharrean marrazten ari ziren lau haur horiei begira egon dira ateko kristaletik. Orokorrean, asko gustatu zaie irudia tenperarekin marraztea eta deseatzen egon dira berriz marrazteko. Halere, Alainek ez du eskuak zikindu nahi izan. Aurrerago azaldu nuen Alaineri dena kontrolatzea gustatzen zaiola eta kontrolatzen ez badu ez du parte hartzen. Beste momentu batean ahaleginduko gara irudia tenperarekin marraz dezan. Abenduak 2 (osteguna) Gaur psikomotrizitate gelara joan gara. Betiko lez haurrak poz-pozik joan dira txiri-bueltak, salto txikiak, handiak… egiteko prest. Orokorrean, haur guztiek nire laguntza onartzen dute leku garaietatik salto egiterako orduan, komunera joaterakoan edota material desberdina eskatzerako orduan. Alabaina, Alainek ez du oraindik nire laguntza onartzen. Leku garaitik salto egin nahi duenean laguntzera joaten naiz baina berak “Andereño” esaten du, ez du oraindik nigan konfiantzarik. Orain arte ez diot garrantzi handirik eman baina hilabete daramat praktiketan eta oraindik ez du nigan konfiantzarik. Karmelerekin hitz egitea pentsatu nuen eta Alaineren kasuan ez arduratzeko esan zidan. Berari ere haur horrekin konfiantza izatea asko kostatu zitzaiola. Aurrerako azaldu izan nuen bezala lehenengo hilabetean izkina batean dena kontrolatzen egon zen eta hau lortu zuenean gelara zabaldu zen. Praktikak bukatu baino lehen nigan konfiantza izaten lortzea espero dut hori izango da nire helburuetako bat baina betetzea ez da bakarrik nire eskuetan egongo hala ere, saiatuko naiz ahal dudan guztia egiten. Abenduak 3 (ostirala) Gaur Euskararen eguna izan denez hiru urteko umeak gure gelara etorri dira abesti batzuk abestu eta dantzatzera. Guk badakigun “kikiriki” abestia izan da horietariko bat ondorioz, haurrak interes gehiago jarri dute. Hiru urteko umeak abesten amaitu dutenean gu ere animatu gara. Oso esperientzia polita izan da. Hiru urteko umeen jardunaldiaren ondoren, Alaine astearteko irudia tenperaz marrazten jarri dugu. Irakasleaz gain bere ondoan egon nahi izan dut animatzen. Lehenengo, aulkian jesarri denean kexaka hasi da baina ukondoraino jaso diot nikia ez zikintzeko eta ez du laguntza handirik eman. Karmelek animatzen zion bitartean eskua hartu dio eta tenperarekin bustitzen lagundu du. Alainek konfiantza izan du eta tenperarekin irudia marrazten hasi da, halako batean garrasi egin du ikaragarrizko irribarrea irten zaion bitartean. Konturatu da ahalegin handia egin duela eta bere beldurra edo muga hori gainditu egin duela eta asko poztu da. Karmele eta biok ere asko poztu gara momentu horretan sentitu duen segurtasuna dela eta Alainek zuen muga hori gainditu duelako.
Azaroak 22 (astelehena) Gaur, haurrak motorrekin eta blokeekin jolasten ibili diren bitartean, Verónica eta Karmele plastika txokoaren inguruan hitz egiten hasi dira. Azken egunetan, haur askok plastilinarekin jolastu nahi izan dute eta mahai batean bi toki daude honekin jolasteko beraz, haurrak plastilinarekin jolasean ari ziren bi haur horiek molestatzen zituzten. Hori dela eta, txoko hau handitzea pentsatu dute, proba moduan beste bi aulki jarri dituzte. Egunaren amaieran ideia ona izan dela ikusi ahal izan dut, haurrak ez dira txoko berdinean pilatu eta txandak hobeto maneiatu izan dira. Gaur lehenengo aldia izan da Aitor hitz egiten entzun dudana gainera, joku batean parte hartzeko izan da. Jantokira joateko prest geunden: amantala eta baberoa jarri ditugu eta etxera joaten direnak berokia jantzi dute. Antonio Potolori jaten ematen hasi gara, betiko lez lehenengo, irakasleak egutegian begiratu du gaur zer edukiko zuten bazkaltzeko eta ondoren, Antonio Potolo hartu du eta gaurko menua azaltzen hasi da. Aurrerago azaldu izan nuen bezala, janari bakoitzeko marrazki bat dute eta menuaren arabera Antoniori lau marrazki ematen zaizkio: lehenengo platera, bigarrena, postrea eta ura. Haurren zeregina menua asmatzea da horretarako, irakasleak pistak ematen dizkie. Asmatzen duen haurrak marrazkia hartu eta Antoniori sartzen dio ahoan. Haur guztiak desiratzen egoten dira marrazkia Antoniri ahoan sartzeko baina Aitorrek ez zuen interes handirik transmititzen. Gaur ordea, Aitor emozioz gainezka sentitu dut eta halako batean “yo, yo” esaten entzun diot aurpegian irribarre bat zuelarik. Aitorren jarrera hori harritu nau zeren, normalean isilik egoten da bere tokian eta ez du jolasetan parte hartzen. Igartzen da konfiantza hartzen hasi dela eta poliki-poliki gelan eta gelakideekin integratzen hasi dela. Azaroak 23 (asteartea) Gaur gurasoekin egiten dituzten elkarrizketen inguruan hitz egin dut Karmelerekin. Aste honetan gurasoekin bilerak baitauzka eta interesgarria iruditu zait gai honen inguruan galdetzea. Aste honetako bilera, haur bakoitzaren gurasoekin egiten duen kurtsoko lehenengoa da. Elkarrizketa horretan haurra nola komunikatzen den (keinu bidez, soinu bidez, hitz eginez…), jantokian nola jaten duen (ondo, gaizki, ez du jaten…), arauak barneratzen dituen (ea jostailuak batzen dituen, ea korruan eserita egoten den… ), nolako harremanak dituen bai beste ikasleekiko bai irakaslearekiko (isila, lagunkoia, mimotia, berbatia… den) eta abar esaten zaie. Honetarako, irakasteak haur bakoitzari buruzko gidoi bat betetzen du, baina elkarrizketa horretan gurasoek ez dute paper hori eskuratzen, irakasleak gurasoei zer idatzi duen esango die soilik. Interesgarria iruditzen zait gurasoei gidoi hori ematea (ebaluazio tresna), askotan hitz egiten gaudenean dena ulertu eta barneratu dugula uste dugu baina behar bada guraso horiek etxera heltzerakoan elkarrizketa horren zati bat baino ez dute gogoratuko. Horrez gain, gurasoek aurreko ebaluaketarekin konparazioak egiteko, eboluzioa aztertzeko edota oroitzapen gisa gordetzeko eskubidea ere badutela uste dut. Azaroak 24 (asteazkena) Egunero lez, jolas ordua eta gero ipuinaren kontaketari ekiten diogu. Gaur, pisten ipuin bat ikusi dute eta haurrak dira protagonista nagusiak haiek asmatu behar baitute zein objektu den pista horrek eman ondoren. Ipuina kontatzen zegoela Danelen aurpegiko keinuek deitu dit arreta. Begiak ia itxita zeuzkan ipuina ikustea kostatuko balitzaio bezala. Ez zegoen lehenengo lerroan baina azkenengoan ere ez. Karmeleri ipuina amaitutakoan esatea pentsatu dut ez molestatzeko. Baina denbora labur batera Karmelek Danel begiratzeko esan dit keinu arraroak egiten ari zela eta. Lehenengo aldia da Danel horrelako keinuak egiten ikusten duguna eta horregatik ezin dut ezer ziur esan baina ikusmen arazoren bat izan ahal duen susmo txikia daukat. Hurrengo egunetan arreta gehiago jarriko dut aspektu honetan. Azaroak 25 (osteguna) Gaur plastika txokoan aldaketa batzuk egitea pentsatu dute. Marrazki librea egitearen ordez, egunero abesten dituzten abestien marrazkiak jarri dituzte. Ideia polita iruditu zait lehenengo zeren, marrazkiak marrazten ikasten hasiko dira ezagutzen dituzten irudiekin. Baina eguna aurrera joan ahala ez dut ideia hori defenditzen jarraitu. Marrazki bakoitza behin marraztuko du haur bakoitzak eta ez da beste marrazki desberdin bat aterako aurreko marrazkia denok marraztu arte. Horrela, lehenengo orduan marraztu izan duenak ezin izan du berriz marrazkirik egin eta beste jolas batekin konformatu behar izan da. Irakasleen nahia zera izan da, gabonetan eramango dituzten marrazkien karpeta hori, marrazki libreez gain, irudiak dituztenak ere marraztuta eramatea eta nahi horrek nire ustetan joko librearen helburuak alde batera uzten ditu joko antolatua bihurtuz.
Azaroak 15 Gaur azaldu didate ura edateko erabiltzen dituzten edalontziak eta siestan jartzen dituzten txupeteak astelehenero ontzi-garbigailuan garbitzen dituztela. Garrantzitsua iruditzen zait higienearen alderdia. Egunero edalontziak erabili ostean uraz garbitzen diren arren, egokia iruditzen zait behintzat astean behin garbiketa sakon bat egitea. Azaroak 16 Gaur Alainek duen kontrolari buruz hitz egingo dut. Harrituta utzi nau irakasleak baino hobeto baitaki edalontzi bakoitza norena den. Karmelek azaldu zidan lehenengo hilabetean ez zuela gelan parterik hartzen izkina batean dena kontrolatzen baitzegoen. Hauek izan dira harritu nauten haur honen jokabideak: • Trena egiterako orduan azkena jartzen da beti (erdian joaten diren haurrak askotan jausi egiten direla edo batzuetan gaizki pasatzen dutela ikusi duela suposatzen dut eta hori da ekidin nahi duena) • Badaki haur bakoitzaren edalontzia zein den, noizbait Karmele erratu egin denean bera izan da jakinarazi diona. • Irakaslearekin bakarrik amantala jarri (hau izango da nire erronketako bat, Alainek nigan konfiantza izatea, laguntzen uztea) • Lehenengo hilabetean ez zuen jantokian ezer jan, janari bakoitza eta jantokia ezagutu zuen arte. Mesfidantza izugarria dauka ezagutzen ez duen edozertara. Adibidez, ez du nahi izaten nirekin amantala jartzea, ezta psikomotrizitate gelan laguntzarik ematea, ez du plastilinarekin jolasten … Azaroak 18 Gaur haurrak gelara sartu baino lehen, lau irakasleen artean euskararen egunerako lantzeko abesti bat abesten aritu dira. Polita iruditu zait eta haurrek gustuko izango zutela pentsatu dut. Eta horrela izan da, lehenengo abesti berria zenez haurrak harrituta geratu dira baina abestia errepikatuz, abesten eta dantzan hasi dira. Amaierarako, haurrak berriro abesteko eskatzen zuten. Psikomotrizitate gelan, Aitor izkina baten egoten jarraitzen du. Gelako giroa jarraitzen du baina beste haurrenganako distantzia batekin. Kontxoneta gainean satoak emateko abestia abestu dugunean haur guztiak koltxoneta gainera igo dira baina Aitor gela alde batean bakarrik geratu da, hala ere, saltoka aritu da eta ondo pasatu du. Haur honek, lasaitasuna behar du disfrutatzeko, Karmelek kontatu zidan, lehenengo hilabetean komunean bakarrik sartzen zenean izaten zela zoriontsu, gustura egoten zela, bakarrik, inork bultzatu edo molestatu gabe. Esan beharra daukat, haur hau abenduan jaiotakoa dela eta nabaria da beste haur askorekiko desberdintasuna, bai motore aktibitatean bai komunikazioan. Horregatik, askotan keinu eta soinuen bidez komunikatzen naiz berarekin. Gaur psikomotrizitate gelan ustaiak dauden tokiaren azpian jarri da eta eskuekin keinuak egin dizkit horietariko bat nahi zuela adieraziz. Bat eman diot, baina ezetz esan dit buruarekin eta beste bat eskatu dit. Beste tamaina edo kolore bat nahiago zuela imajinatu dut eta horrela izan da. Ustai txiki gorria nahi zuen eta hitzik egin gabe niri nahi hori adieraztea lortu du. Azaroak 19 Gaur Hodei eta Aimar bikien urtebetetzea izan da. Gela desberdinetan banatu zituzten eta Hodei nire gelan dago. Koroa egin diogu eta eguneroko saioan gaileta jan beharrean, Hodeik ekarritako patata, gusanito eta pastela jan dituzte. Bi kandela jarri ditugu pastelean eta “Zorionak zuri” abestu ondoren, bi kandelei putz egin die. Oso pozik egon da eta haur guztiak asko disfrutatu dute hamarretako espezial horrekin. Bederatzietako harreran, negarrez sartu diren haur ugari egon dira. Haien artean, Aitor. Normalean, hamarretan etortzen da, beraz, gelara sartzen da jarraian jolas librea dugularik. Gaur ordea, betiko bezala bederatzietako harreran, lau geletako haurrak batera aritu dira motor eta blokeekin jolasten. Ezin izan du egoera hau bereganatu eta negarrez aritu da izkina batean. Hau ikusitakoan, haurrarengana joan naiz eta ustai bat eskaini diot. Nigana hurbildu da korrika eta pozik ustaiarekin jolasten aritu da. Garrantzitsua iruditzen zait haur bakoitzaren interes eta beharrak kontutan hartzea, horrela egoera desberdinetan nola jokatzen lagunduko digu.
Azaroak 8 Gaur, lehenengo orduan motorrekin eta blokeekin jolasten ibili garenean Ibai negarrez etorri da nigana. Zer gertatu zaion galdetu diot baina Enekok eta Elik kasurik ez egiteko esan didate, negarren erruduna bera izan dela gehituz. Ez dut jakin zer egin. Irakasleek kasurik ez egiteko esan didaten arren Ibai trankiltzea nahi nuen eta horretarako kasu egin behar nioke. Hala ere, ez dut horrela jokatu. Irakasleei egin diet kasu eta Ibai nire alboan egoten utzi dudan arren ez dut berarekin hitzik egin. Gaizki sentitu naiz. Azken finean, haur horrek behar bat baitzuen eta ez irakasleak ezta nik ez dugu behar hori asetu. Errua Ibairena izan da baina horrela jokatu beharko genuke? Ezetz espero dut, une latza igaro izan baitut eta zer esan Ibaik igaro duen uneaz. Azaroak 10 Gaur psikomotrizitate gelara joan naiz Veronicaren gelarekin. Haurrak betiko lez poz- pozik igaro dute goiza, astebete itxaroten duten momentu hori heltzear dagoela pentsatzen egon baitira. Euria ari zuen psikomotrizitate gelara joan garenean eta Eneko etorri da haurrak beste eraikinera eramateko laguntasuna emateko. Binaka besoetan hartu ditu haurrak eta konturatu baino lehenago denak zeuden beste eraikinean. Garazik momentu txarra igaro du ez baitu Eneko gehiegi gustuko eta besoetan hartu duenean negarrez hasi da. Ez dakit zergatik ez duen Enekorekin tratu onik goxoa da eta asko jolasten du haurrekin. Enekori galdetu diot ea Garazirekin zerbait gertatu zitzaion, zergatik asten den negarrez berari hurreratzen den bakoitzean eta ez zekiela esan dit, behar bada gizona izatearekin izango duela zerikusia. Ez dakit zein punturaino izan al den hori posible, noski, ahotzagatik izan daiteke edota handia eta bizarra izan ahal duelako baina beldur hori lehenengo harremanean egon daitekeela uste dut. Garazik egunero ikusten du Eneko eta beste gelakideekin jolasten eta laguntzen ikusten du. Nik uste dut, Enekok mugimendua transmititzen diola eta Garazi haur lasaia izanda ez du hori gustuko. Goizetan ez du motorrekin jolasten, blokeekin jolasten du eta abesten hasten direnean abestera joaten da, jolas librean ere marrazkiak egiten edota etxetxoan egoten da eta edozein kolpe txikik mintzen du. Psikomotrizitate gelan geundela, Pedrok eskailera altuenetik salto egin nahi izan du baina beldurra eman dio eta laguntza eskatu dit. Gutxi gora behera lau saltotan lagundu diot eta gero berak bakarrik egingo duela esan dit. Asko poztu naiz momentu horretan lagundu izanaz beldur hori gainditu baitu eta ez lukeen bakarrik lortuko. Behar izan duen momentuan bere ondoan egon naiz eta nire lana bete izan dudanean (laguntasuna eman eta konfiantza transmititu) bakarrik salto egiteko gai izan da.
AZAROAK 3 LEHENENGO EGUNA Gaur bigarren mailako praktiken lehenengo eguna izan da eta egia esan ez da batere gaizki joan. Lehenengo eguna izan denez gelara sartzeko ordua baino lehenago joatea pentsatu dut. Zuzendariarekin geratu nintzen bezala, berarengana joan naiz. Oraindik goiz zenez zorrien aukako paperak antolatzen lagundu diot zuzendariari. Hau amaitzerakoan, gelara igo gara. 2 urteko haurren gela beste lau gelaz osatuta dago. Gela bakoitzean 14 haur daude gutxi gora behera beraz, lau irakaslek eramaten dute bi urteko haurrak. Irakasleak: Karmele, Veronica, Ainhoa eta Eli dira eta laguntzaile bat ere badago berak, Eneko du izena. Jantokia, sukaldea, harrera eta irakasleen aldagela ere badaude. ( Hau sites-en azalduta dagoespazioaren atalean) Bederatzietan gelako atea zabaldu dute eta haurrak harrerara sartu dira. Bertan, berokiak kentzen ahalegindu dira baina gehienek ez dute oraindik motrizitate fina kontrolatzen beraz, irakasleen laguntza behar izaten dute. Haur asko nigana etorri dira laguntasun eske eta horrek harritu egin nau, baten bat negarrez hasiko zela pentsatzen bainengoen. Hala ere, ez da horrelakorik gertatu eta pozik lagundu diet behar izan dutenei. Lehenengo orduan bi urteko lau gelak elkartzen dira eta jantoki eta harreran jolasten dute motor eta bloke handiekin. Haur batzuk nigana etorri dira nor izango ote nintzen pentsatuz eta horrela elkar ezagutu gara. Gela bakoitzeko ateetan autobus bat daukate marraztuta eta bertan gela bakoitzeko ikasleen argazkiak daude itsatsita. Hitz egiten zekiten haurrak haien gela kideen izenak esaten hasi dira eta hauen laguntzaz denbora motz batean gela desberdinetako hainbat ikasleen izenak ikasi ditut. Egia esan lehenengo egun honetan oso gustura sentitu izan naiz, haurrak nigana hurbildu dira beldur barik eta konfiantza hartzen hasi dira, baita nik haiekin ere. Psikomotrizitate gelara joan naiz Verónicaren gelarekin “koltxoneta gela” haiek deitzen duten bezala. Harritu egin nau Garazik izan duen jarrerak. Eskailera altuenetik salto egin nahi izan du eta laguntza eskatu du, bere ondoan Eneko (laguntzailea) zegoen eta besoa luzatu dio laguntza emateko prest baina Garazi kexaka hasi da esanez ez duela berarekin saltorik egingo eta nire laguntza nahi zuela. Asko harritu nau zeren, nahiago izan du “ezezagun” batek laguntasuna ematea Enekok baino. Harro eta pozik sentitu naiz lehenengo egunetik haurrei segurtasuna eta konfiantza transmititu diedan sentsazioa eduki dudalako. Psikomotrizitate saioa txerrikumeen ipuinaren kontaketarekin amaitu da. Haurrak atentzio handiz entzun dute ipuina eta parte hartzeko aukera ere izan dute izan ere, ipuinean txerrikumeak aurkitu behar zutelako.

