Created by jokinuribeecheverr on 19/04/2011
Last updated: 19/04/11 at 12:24
Gaur, gure lana aurkezteko eguna da. Taldekide guztiak, egokitu zaigun gelara joan gara bertan zeuden ikasleen eta irakaslearen aurrean aurkezpena egitera. Gure kasuan, Meltxor Artetxerekin egin dugu aurkezpena, jende aurrera atera den lehenengo taldea gu izan garelarik. Hasieran nahiko urduri sentitu gara, ez baikenekien zein izango zen irakasleak jarriko zuen aurpegia bideoa ikusterakoan. Orokorrean nahiko aurkezpen txukuna egin dugu, nahiz eta agian bideoaren luzaera gehiegizkoa izan. Behin gure lana aurkezten amaitutakoan, beste taldeen feedback-a entzun dugu, hauetako bat nahiko zorrotza izan delarik. Irakasleak balorazio positiboa eman digu, nahiz eta gomendio batzuk eman, gure lana zuzenago egoteko. Hobekuntza batzuk egitea proposatu digu , berrikuntza planaren edukiekin lotuta batez ere. Hasieran zalantza askorekin amaitu dugu eguna, baina ondoren, hausnartzen egon garenean, lan positibo bat egin dugulako ondorioarekin amaitu dugu. Momentu oso onak pasa ditugu lan hau egiten eta azken produktua nahiko baliagarria eta egokia izan dela uste dugu. Lan asko egin dugu eta momentu batzuetan oso ilun ikusi ditugu gauzak. Hala ere, gure planifikazioa zehazten joan garen heinean, asko hobetu dugu eta azken emaitza espero bezala atera zaigula uste dugu.
Aurkezpena egiteko egun bat falta da eta oraindik power point aurkezpena prestatu beharra daukagu. Denbora asko daukagu eta ondorioz, presarik gabe aritu gara lanean. Taldekideak liburutegian elkartu gara eta denon artean gure diapositibak sortu ditugu. Bideo bat grabatu dugunez, non, berrikuntza planaren puntu guztiak azaltzen genituen, erabaki dugu diapositibetan informazio laburragoa idaztea. Bestela, entzuleak aspertu egin daitezke informazio berdina bi aldiz entzuten, bat bideoan eta bestea diapositibetan. Era berean, gure aurkezpen digitala Antzinako Greziako ezaugarri bisualekin hornitu dugu, gure bideoarekin loturak eginez eta entzulearentzat erakargarriagoa suerta dadin aurkezpena.
Gaur berrikuntza planarekin amaitzeko intentzioarekin bildu gara taldekide guztiak. Bideoa muntatzen hasi gara, arazo handirik gabe, dagoeneko ongi menperatzen baititugu programa digital horiek. Txostenari azken ukituak eman dizkiogu eta inprimatu egin dugu, azken dokumentua nola geratu zaigun ikusteko. Denbora gehiegi izan ez dugunez, aurkezpenerako egin behar genituen diapositibak ezin izan ditugu sortu. Hala ere, oraindik badaukagu denbora aurkezpenaren eguna iritsi baino lehen. Hau izan da gaurko oztopo nagusiena, gure planifikazioa moldatu beharra izan baitugu. Hala ere, lasaitasun handiarekin hartu dugu gaurko eguna, lana amaituta baitago.
Gaur oso egun polita izan da. Behin HUHEZI-ko materia guztiak amaitu eta gero, Eskoriatzako parajeak aztertzen aritu gara, gure grabaketa non egin erabakitzeko. Azkenean, parke txiki bat ikusi dugu oso aproposa dena. Antzinako Greziako eskultura bat ere bazegoen eta ondorioz, ez genuen zalantzarik izan bertan egiteko grabaketa. Taldekide bakoitzak izara bat jarri genuen gure gorputzean eta hosto berde batzuk gure buruan. Honela, Antzinako Greziarren itxura hartuko genuela pentsatu genuen, kutsu errealistago bat emanez grabaketari. Oztopo bezala, aipatu beharra daukagu grabatzaile baten faltan geundela eta ondorioz, Mirenek egin zituen kameralari lanak, bere papera alde batera utziz antzerkian. Aktore bakoitzak, berrikuntza planaren zati bat aipatu genuen antzerkian, umorea eta eszenatokiko baliabide guztiak erabiliz. Oso egun aberasgarria izan da gaurkoa, lana erdi amaitutzat uzteaz gain, geure buruak lasaitzeko eta estres puntu hori kentzeko balio izan digulako. Hurrengo egunean, bideoa muntatuko dugu Windows Movie Maker programa informatikoa erabiliz. Era berean, txostenaren azken ukituak burutuko ditugu, hurrengo astean izango dugun aurkezpenerako Power Point diapositiba labur batzuk egiten ditugun bitartean.
Aurreko egunean berrikuntza planaren puntu gehienak planteatuta utzi genituen eta gaur, txostena idazten hasi gara. Taldekide bakoitzari zeregin bat finkatu diogu, honela lana modu eraginkorrago batean aurrera eramateko. Bakoitza lanaren zati bat egiten aritu gara, egun gogorra izan delarik. Lan asko egin dugu gaur eta txostena nahiko aurreratu dugu, ia ia amaituta utziz. Hurrengo egunean, grabaketa prestatuko dugula pentsatu dugu, lanaren azken fasera pasatuz. Grabaketa hau, ordu ez presentzialean egingo dugula erabaki dugu, ez baitaukagu denbora gehiegi , beste materien erruz.
Gaur, aurrerakuntza handiak egin ditugu taldean berrikuntza planarekiko. Lehenengo egunean galduta egon ondore, gaur egindako ideia zaparradari esker asko argitu ditugu gure helburuak. Oratoriaren inguruan eraikiko dugu gure berrikuntza plana, oso interesgarria eta beharrezkoa den alderdi bat dela uste baitugu. Hasieran, oratoria zer den argi ulertu dugu taldekideok eta proposamen desberdinak egin ditugu, nondik norakoak zehaztuz. Azkenean, berrikuntza planaz gain, antzerki bat egingo dugula erabaki dugu, Antzinako Grezian kokatuko duguna eta Oratoriaren bidez azalduko duguna. Bertan, gure berrikuntza plana ahalik eta zehatzen antzeztuko dugu , puntu garrantzitsuenak era erakargarri batean aipatuz.
Hainbat proiektu egin ondoren, gaurko egunean irakasleak eskola bateko berrikuntza plan bat egin beharko dugula azaltzen digu, eskola imaginario batena. Hasieratik pentsatu dugu, gure eskolaren izaera oso artistikoa eta berritzailea izan behar dela eta honekin lotuta lehenengo ideiak aipatzen hasi gara. Gure IHP-an aipatu genuen bezala, berrikuntza plan honek gure eskolaren izaerarekin bat egitea nahi dugu ondorengo alderdiak kontutan edukiz: Berritzailea, arteari garrantzia ematen diona, eskola txiki bateko ezaugarriei lotutakoa, elkarlanari protagonismoa emanez … Irakasleak asko lagundu digu, berrikuntza plan bat zer den azalduz, nondik norakoak, zer esaten duen … Hau honela izanda, proposamen desberdinak egiten hasi gara taldekideak. Nahiko difuminatuak ditugu gure helburuak eta oraindik ez daukagu oso argi nola egingo dugun gure lan berri hau. Hala ere, orain arte ongi moldatu gara eta ziur gaude lana aurrera aterako dugula oztopoei aurre eginez. Motibatuta gaude, GURE eskola imaginarioaren barruan egongo bagina bezala ari garelako lanean.

