Denbora lerro honetan praktiketako eskolan izandako esperientziaren deskribapena egingo dut.
Created by uxuealtuna on Oct 30, 2010
Last updated: 02/20/11 at 07:16 AM
Egunerokoa! has no followers yet. Be the first one to follow.
Praktikak hasi aurretik unibertsitatean, 2.3 materian izan zela uste dut, praktiken inguruan kezkatzen gintuzten gauzez pentsatzen aritu ginen eta ni gehien kezkatzen ninduen gauzetariko bat zorrien gaia zen. Nik zorriei higuina diet eta hauek zituen haur bat tokatuz gero ez nekien nire jarrera nolakoa izango zen harekiko, nola erreakzionatuko nuen. Nahiz eta honi aurre egiteko gai izango nintzela konbentzitzen saiatu nire burua, ez nuen inola ere sinesten hori, haur hau begi aurrean jartzen zitzaidan bakoitzean zorrien ideia besterik ez nuela buruan izango uste nuen. Elenaren gelan bada ume bat askotan zorriak izaten dituena. Azken boladan hala dabil eta nahiz eta bere amari (aita ez da beraiekin bizi) askotan esan zaion garbitu egin behar duela umea “bai, bai, bai” esan eta ez du kasurik egiten. Ume honen familian arazo dezente daude, familia egituratu gabea (desestructurada) da (hau guztia atzo esan zidan nire amak) eta argi eta garbi ikusten zaio maitasun falta, beti besarkadak, irribarreak, laztanak, …, maitasun adierazpenak eskatzen ari da. Gaur psikomotrizitate saioa izan dugu, beti bezala bi gelak batera. Haur hau ere etorri da eta hasiera batean bere familiako egoera eta zorriez oroitu banaiz ere, saioa aurrera joan den heinean zorriak ahaztu eta gainontzeko haurrak bezala besarkatu eta laztandu dut. Bere algara eta irribarreek beste edozein haurrenak baina gehiago poztu, hunkitu naute eta harro sentitu naiz nire buruaz, zorrien tontokeria albo batera utzi eta gaur niretzako irabazi dudana ezin baita beste era batera irabazi. Izugarri pozten nau hau bizitzeko aukera eduki izanak, hortxe nuen kezketariko bat baitzen eta jada badakit hurrengoan ere nola erantzuteko gaitasuna dudan.
Gaur goizean beti bezala ama eta biok goizeko 8:30tan iritsi gara ikastolara eta haur hezkuntzako eraikuntzara sartzera gindoazenean gizon bat agertu da zerbait galdetuaz eta amak lehen hezkuntzako eraikuntza zaharrera joan behar izan du berarekin. Bitarte horretan ni haur hezkuntzako eraikuntzako beheko solairuan egon nahiz. Bertako gela batean egoten da 8:00etatik 9:00etara egoten den zaintza eta gurasoak sartu eta atera izugarrizko abiadan ari ziren. Inpresio handia egin dit ume hauek txikitatik horrela bizi direla ikusteak. Gaur amak eta biok kartulinarekin egin genituen pinuak apaintzen aritu dira haurrak, kolore ezberdinetako gometsak itsatsiaz. Txandaka, taldez talde egin dugu hau. Nik lagundu egin diet hau guztia egiten. Azken taldearekin nengoela, jada 4:00ak, amak gainontzeko haurrei alfonbran esertzeko esan eta ordenagailuan bideo bat jarri die. Orduan nirekin zeuden haurrak deskontzentratzen hasi dira, bideoari begira eta “Uxue, bukatu dut” esanaz, hau hala ez zenean, orduan, nahi bazuten, egiten ari zirena hurrengo egunean amaitzeko utzi eta bideoa ikustera joan zitezkeela esan diet eta denak joan dira. Bideoa amaitu ostean hauetariko bat etorri eta “non dago nire pinua?” esan dit, hau eskatuaz. Momentu honetan haserretu egin naiz (kontutan izan behar da arratsaldeko azken minutuak zirela), zerbait esan eta kasurik ez zidatela egiten sentitu baitut baina, ondoren amarekin honi buruz hitz egiterakoan ohartu naiz oraindik ikasten ari ziren gauzetariko bat zegoela hor ezkutuan, gogoari eustearena eta orduan ohartu naiz helduok haurrekin haserretzen garen gauza asko guk jada barneratuak eta beraiek barneratu gabeak dituzlako gauzengatik izaten dela.
Nahi zuenak besteen aurrean ipuin bat kontatzeko aukera izan du eta harritu nau zeinen arretatsu egon diren, bakoitzak nahi zuen posturan, goxo, guztiak batera.
Errepideen egoera txarragatik (elurra) oso berandu iritsi gara gaur ikastolara, 10:10 aldera. Iritsi garenean haur guztiak Argitxo iratxoaren fitxa bat zuten esku artean eta hura margotzen ari ziren euskararen egunerako aproposak ziren hainbat kanta abesten zituzten bitartean. Ondoren Elena eta nik haurrek euskararen egunerako egin zuten hormirudia Haur Hezkuntzako eraikuntzako ate nagusian itsatsi eta haurrak bertara irten dira kantak abestera, hau grabatu egin dute eta ikastolako web orrian zintzilikatu.
Gaur, hiruhileko honetan haur guztiek txoko bakoitzean eginiko fitxak, marrazkiak, etab. txukuntzen aritu naiz eta plastika txokoan tenperarekin egindako marrazkiak ikusi ditudanean harriturik geratu naiz, izugarri gustatu zaizkit marrazkietako asko eta asko. Koloreak erabiltzerako garaian zein konbinazio egiten dituzten eta nolako formak. Ez dut asko ulertzen arteaz baina, gure haurrek egiten dituzten marrazkiak Guggenheimeko zenbait koadro baino politagoak direla esaten dudanean ez dut txantxetan esaten.
Borobilean eserita geunden eta irakasleak haur bakoitzari ia noraino kontatzen zekien galdetu dio. Julenen txanda iritsi denean honek ez du ezer esan, ezta keinurik egin ere eta Anderrek “ez daki” esan du. Andereñoa eta Julen tutoretza gelara joan dira eta bertan Julenek kontatu du. Julenek badaki kontatzen baina, badu zerbait gainontzeko haurren aurrean egitea galarazten diona. “Ez daki” esateak ez dio batere laguntzen bere galera horretan, blokeo handiagoa sortzen zaio (gaizki egingo duenaren beldurra ote?) eta andereñoak azaldu die gainontzeko haurrei ezin dela halakorik esan, animoak eta laguntza eman baizik.
Gaur, jada, udazkena gai moduan baztertu eta gabonekin hasi gara. Material ia guztia aldatu dugu, horma irudiak, fitxak, gelaren apainduriak, puzleak … Moldaketa hau zoragarria iruditzen zait, garaiaren arabera material bat edo bestea erabiltzea.
Udazken festa egin dugu gimnasioan 3, 4 eta 5 urteko gela guztiok. Ikasitako kanta guztiak abestu eta dantzatu dituzte biribilean jarririk, lehenagotik bildu genituen hosto lehor guztiak erdian zeudelarik. Nire ustez oso polita izan da, nahiz eta gainontzeko irakasleek esan didaten aurreko urteetan baino okerrago atera dela guztia.
Mutilen eta nexken arteko ezberdintasuna txikitatik nola barneratzen duten. Gaur, plastika txokoan eskulanak egiteko zegoen aldizkari bat ikusten aritu naiz Beñatekin eta bertan jostailu pila agertzen ziren, laster gabonak dira eta. Beñat, berak Olentzerori zer eskatzeko asmoa zuen esaten aritu zait eta zer nahi zuen eta zer ez bereizterako garaian oinarrizko esaldiak hauek ziren: “hori ez, hori nexkena da” eta “hori mutilena da, hori bai”. Gaur egun, emakumeen eskubideen urritasuna dela eta (gizonezkoenekin alderatuaz) lan handia egiten ari gara bereizketa hau horrenbeste eman ez dadin baina, oraindik egiteko lan handia dagoela ikusten da.
Lehen egunean aipatu nuen kohete hark sekulako arrakasta izan du ikastola osoan: ikastolako web orrian jartzeko bideoa eskatzen digute; egunero etortzen dira LHkoak kohetea nola egin jakin nahian gure gelara. Harriturik nago.
Gaur, osteguna, psikomotrizitate gelan geundela, dendatxoa ireki dugunean izugarrizko sorpresa hartu dut, Julen (hitzik egiten ez duen haurra) nigana hurbildu da “Uxue” esan dit, dendako zerbait eskatu nahi baitzidan (denda irekitzen denean haurrek zerbait nahi badute, zer nahi duten eta zertarako esan behar izaten dute. Julen ez da inoiz dendatxora joaten, beti bere lagun batek hartzen dio nahi duena). Nik orduan, kasu egin nahi nion, behingoagatik dendatxora zerbait eskatzera hurbildu baitzen! baina, dendako ilara errespetatu beharra dagoenez ilaran jartzeko esan diot. Ama eta ni ari ginenez dendariarenak egiten, Juleni txanda iritsi zaionean amak egin dio kasu, ni okupatua bainengoen. Ama ere harriturik geratu da, pozik.
Gaur haur batzuk inoiz baino gertuago sentitu ditut (agian ni ere gertuago egon naizelako izan da). Iker Lopezek, adibidez, ez zidan gertutasun handirik adierazten orain arte. Nahiz eta nik askotan berari kasu, irribarre,… egin, inoiz ez zidan berdin erantzuten. Praktikak hasi nituenetik pare bat aldiz soilik zuzendu zaidala esango nuke eta gaurkoan beste umeak bezala, edozer eskatu, esateko, hitz egiteko, … zuzendu zait. Egia da gaur berarekin kontaktu fisiko gehiago izan dudala, egan hartu dut, buruko ileak nahastu dizkiot,… Honek izugarri poztu nau, gure artean falta zena zer zen deskubritzea bezala izan baita.
Psikomotrizitate saioari amaiera emateko, lehen aldiz, egurrekin jolasean aritu dira eraikuntzak osatuaz. Hasiera batean haur bakoitza ahal zituen pieza gehienak hartzera joan dira beraien eraikuntza egiteko baina, piskanaka piskanaka, batzuk beraien piezak batzen hasi dira eraikuntza handiago bat egiteko asmoz. Harrituta utzi nau haurren antolamendu honek. Hala eta guztiz ere haur batzuk beraien eraikuntza propioa egiten jarraitzen zuten eta besteak hauek beraien piezak beste eraikuntza handira batu zitzaten konbentzitzen saiatu dira.
http://www.youtube.com/watch?v=2zhxFvxVcV0
Miren eta Edurne arbelean ari ziren marrazkiak egiten igeltsuarekin eta halako batean Edurne guztiz haserretu da Mirenekin, hau denbora guztian besteak egindako marrazkiaren gainean marrak egiten ari zelako eta Miren kikildurik geratu da. Mirenek normalean agintea du eta gainontzekoek amen egiten diote (Edurnek jende askori egiten dio amen) baina, oraingoan zeharo nazkaturik, aurre egin dio eta Miren harriturik geratu da, ez zuen inolaz halako erantzunik espero. Arratsaldean, plastika txokoan nengoen amarekin zerbaitez hitz egiten eta matematika txokoko ordenagailu aldetik “a tomar porsako!” entzun degu, Mirenek esana. Parrez hasi gara.
Amak amona ospitalera eraman behar zuela eta ni gelan umeekin bakar-bakarrik egon naiz. Umeak nahiko harrotuta egon dira baina, nola hala klasea ongi eraman dut aurrera. Inoiz baino sentsazio txarragoarekin geratu naiz gaurko goizarekin. Irakasleek, jolas garaian, esan didate berriekin beti berdina gertatzen dela, haurrak “a prueba” jartzen gaituztela. Iruditzen zait oso erraza dela teorian irakasle batek egin behar duena esatea baina, praktikan, zail xamarra. Hamabost haur irakasle bakar batentzat gehiegi dira. Nire ustez komenigarria da gela berean gutxienez bi irakasle egotea haurren beharrei ONGI erantzuteko eta irakasleak pazientzia gal ez dezan. Gaurkoa ez da izan umeekin bakarrik egon naizen lehen aldia baina, bai nire amaren haurrekin bakarrik egon naizena. Nitaz “paso” gehiago egitearen arrazoi nagusia nahikoa ikusia nautela dela esango nuke. Hala eta guztiz ere irakasleek esan didate ongi egin dudala, momentu batzuetan pasatu dira gelatik ikustera ea zer moduz geunden eta haurrak oso txintxo zeuden. Esan didatenez gaur izan da lehen aldia ikastolan ordezkorik jarri gabe praktiketako baten eskuetan utzi dutena gela, honek ere, nolabait, asko poztu nau. Arratsaldean, bakoitza bere txokoan zegoen baina, egiten ari zirena utzi gabe guztiak batera kanta bera abesten hasi dira, talde lanean, errespetuz, sinergiaz, ia ia oilo azala jarri zait!
Gaur goizean patiora joan garenean beti bezala patio handitik txikira joateko dagoen ranpatik pasa gara eta amari galdetu diot ea zer dela eta zegoen bat-batean ranpa bat bi patioen artean. Amak esan dit bere garaian, ikastolan, gurpildun aulkian ibiltzen zen haur bat zegoela eta horregatik jarri zutela, baita LHko eraikuntza berriko igogailua ere. Hau dela eta, pentsatzen jarri eta ohartu naiz, ikastola osoan, gainontzean ez zegoela halako moldaketarik. Gainontzeko urritasunez oroitu (ikusmen urritasuna, entzumen urritasuna, etab.) eta hauentzat ere ez zegoela moldaketarik konturatu naiz. Gela barnean ere ez dut ikusi urritasunak lantzen direnik nahiz eta hauetako bat duen haurrik ez egon gelan (ez dago kasurik izan beharrik hauek jorratzeko). Orduan, amari, kezkaturik, galdetu diot ea ez zuten halakorik gelan lantzen, errealitatearen parte den arlo hori ez al duten lantzen eta nire lasaitasunerako esan dit baietz, lantzen dutela, bai ipuinen bitartez (adibidez itsua den haur bati buruzkoa), bai ekintza ezberdinen bitartez (gurpildun aulkietan dauden pertsonak ikastolara etortzen direnean), etab. Ikastola osoan moldaketa gehiago ez izatearen arrazoia hauen beharrik ez izatea da, beharra dagoenean egiten direla aldaketak. Nire iritziz beharrezkoa da haurrei urritasun hauen existentziaz hitz egitea, bestela ezagutza bat murrizten ariko baikina.
Gaur psikomotrizitate gelan ikusi ahal izan dut haurrek, beraien imajinazio gaitasuna dela eta, nola sinesten duten benetan pertsonai bat edo beste direla, jolas sinbolikoaren bitartez. Edozein trapu, material hartzen dutela ere, beraiek izan nahi dutena izatera iristen dira.
http://www.youtube.com/watch?v=AvvFruLUgPQ
Liburutegi txokoan laguntzen aritu naiz. Hainbat fitxa zituzten marrazkiz beteak eta horien izenak idatzi behar zituzten. Oraindik ez dakizkite letrak oso ongi eta ahal nuen neurrian laguntzen aritu naiz. Irakasleak oso ongi egin dudala esan dit baina, konturatu naizena da, nik egin dudan lana ezinezkoa zaiola irakasle bakar bati egunerokoan egitea, liburutegi txokoan egoteak gainontzeko taldeak abandonatuta izatea suposatzen baitu eta hori ere ez zait iruditzen irtenbide egokia.
Gaur lehenengo aldia izan da goizez bakarrik joan naizena ikastolara, praktikak hasi nituenetik goizez eta arratsaldez joan naiz. Arratsaldez joan ez izanarekin pixka bat gaizki sentitu naiz hasieran baina, nire gorputzak eskertu du, erdi gaixo bainabil.
Aita batek, Enararenak, bere emaztearen, Enararen amaren, urtebetetzea ostegunean dela eta irakasleari hau kontutan hartzeko esan dio eta alabari oparia prestatzen uzteko. Hau ikaragarria da gurasoen aldetik, sinestezina, etxean egin beharreko lanak eskolara eramatea.
Gaur, borobilean eserita bakoitzak asteburuan zer egin duen kontatzen ari zirenean, ohartu naiz andereñoa zeinen sentikorra den: haur guztien iritziak errespetatzen ditu, umeen beharrak kontutan hartzen ditu, goxo hitz egiten die, entzute aktiboa du, etab.
Haurren “klasifikazio” bat egiten saiatu naiz nik ikusi eta andereñoak esandako gauzekin. Honako hauek izan dira egin ditudan aipamenak: Araitz: Bizkorra da baina, asko despistatzen da. Arreta mantentzea kostatzen zaio. Uxue: Oso bizkorra da eta inorrek ez bezalako harremana du gelako mutilekin, anaia bizkiarekin (ondoko gelan dagoenarekin) jolasten ohitua baitago. Miren: Oso bizkorra da, nahiko egozentrikoa, agintea izatea gustatzen zaio. Zeloak ditu bere ahizpa txikiaz. Ahizpa txikia asko maite du baina, iruditzen zaio amak jada berari ez diola kasurik egiten. Nahiko gaizki ari da pasatzen bolada hau, askotan negarrez. Edurne: Pixkanaka aurrera doa bere garapenetan. Agian tono muskular pixka bat falta zaio. Lehen oinez egiterakoan askotan ezerengatik erori egiten omen zen. Orain ez zaio hori gertatzen baina, korri egiterakoan zerbait arraroa nabaritzen zaio. Andrea Barroso: Gelako txikienetarikoa da eta hori hala izateko nahiko ondo doa bere garapenean. Andrea Cardas: Lehengo urtean etorri zen Errumaniatik Euskal Herrira, eta Elizatxo Ikastolara, eta jada badaki euskaraz hitz egiten, bizkorra da baina, edozer gauzagatik kexatzen da, helduaren arreta bereganatzen saiatzen da beti. Irakasleek esan didatenez bere amak ere jarrera berdina du eta irakasle guztiak nazkatzen omen ditu bere kapritxoekin. Enara: Aurten etorri da Jakintza Ikastolatik (Donostia) Elizatxo Ikastolara (Hernani) eta oso ondo doa bere garapenetan. Julen: Gelan ez du hitzik egiten bere kabuz. Galderarenbat eginez gero hirugarrengoan erantzuten du baina, ondokoak ere entzuten ez diola, ezpainak soilik mugituko balitu bezala. Bere lagunekin hitz egiten duela ikusten dugu baina, ez zaionez entzuten ez dakigu zer nolako hitz egiteko era duen. Irakasleak arazoak ditu arlo hori ebaluatzeko. Ume honek euskaraz egin “beharra” ikastolan soilik du, gainontzeko bizitza guztia erdaraz egiten du eta gakoa agian hor dagoela pentsatzen dute irakasleek. Nire amak, ordea, esan zion Juleni, nahi bazuen erdaraz esateko gauzak baina, hala eta guztiz ere ez du txintik esaten. Nirekin zenbat eta konfiantza gehiago izan hitz gehiago esaten dizkidala konturatzen naiz, eta asko pozten naiz, baina oraindik oso oso gutxi da hitz egiten duena. Oihan: Logopedarekin ibiltzen da eta honek irakasleari esan zion urteetako lana zuela. Hitz gehienak gaizki esaten ditu, letrak nahastuta eta ez zaio ezer ulertzen. Hau irakaslea eta haurraren harremanean oztopo handia dela ikusi dut. Nik ere nabaritzen dut niregan, zaila zait beragana hurbildu eta hitz egiten hastea gainontzeko haurrekin bezala, ez baitiot ezer ulertzen eta izugarrizko pena ematen dit. Hala eta guztiz ere saiatzen naiz berari afektu keinuak egiten, ondotik pasatzean buruan maite-maite egin edo horrelako gauzak. Irribarrea haur guztiei egiten diet beti nahiz eta badakidan askok ez didatela modu berean erantzungo. Eneko: Gelako gazteenetarikoa da baina, oso bizkorra. Lotsatia, isila eta txintxoa da. Hau ere aurten etorri da Elizatxora Alegitik. Iker Salaberria: Gelako zaharrenetarikoa da eta oso ondo doa denean. Iker Lopez: Bizkorra da baina, nahi duena egiten du. Kasu egitea kostatzen zaio eta irakasle guztiak nazkatzen ditu. Beti dago parte hartzeko prest. Protagonismoa asko gustatzen zaio. Iñaut: Gelako zaharrena da. Ondo doa bere garapenean eta ez dut sentitu ere egiten gelan dagoenik, ez du inork bere gaiztakeriaren bategatik aipatzen. Oihanek bezala, hainbat hitz gaizki esaten ditu baina, gaizki esaten dituen hitzak askoz gutxiago dira eta nahasten dituen letrak ez dira edozein. Logopedak irakasleari esplikatu zion nahasten zituen letrak talde berekoak direla “r”, “l” eta “d” eta hauek zuzentzen errazak direla, bera bere kabuz zuzentzen joango dela, ez du logopeda beharrik. Ander: Oso bizkorra da, oso ongi doa bere garapenean baina, beti dago saltsa guztietan sartuta. Iñaut ez bezala, gaiztakeriaren bat suertatzen denean ia beti dago bera tartean. Beñat: Gelako gazteena da, Santo Tomas egunekoa, Julen eta Eneko bezala. Nahiko ondo doa bere garapenean eta Iñaut bezala ia ez dut sentitu ere egiten gelan dagoenik.
Udazken festarako hostoak biltzera joan gara mendira eta bost umek loreak oparitu dizkidate!
Elizatxon 5 urteko bi gela daude (nirea eta ondokoa/Rosarena eta Elenarena) eta gaur Elenak egun hasieran ezin izan duelako etorri ni izan naiz bere taldearen arduraduna. Psikomotrizitate gelara joan gara bi taldeak (Rosaren laguntza izan dut uneoro) eta bertan jarduera mordoa egin dituzte. Hau bukatu ostean talde bakoitza bere gelara itzuli gara (ni Elenaren gelako haurrekin) eta komuneko buelta egin, ura edan, eskuak garbitu, txaketak jantzi, biribilean eseri eta bakoitzak hiru gaileta hartu ondoren (eguneko arduradunak bakoitzari banatuak) patiora atera gara pasilloan zaratarik atera gabe. Esperientzia ikaragarria izan da 5 urteko 16 haurrekin bakarrik egotea, oso gustura sentitu naiz, pozik. Psikomotrizitateko pareta lehen aldiz nik sortu eta nola puskatzen duten ikusi dut. Teorian ikasitakoa praktikan ematen dela ikusi ahal izan dut, pareta puskatu aurretik arauak argi eta garbi uzten dira. Materiala jasotzerakoan, baloiak adibidez, bilketa hori ere eramangarriagoa egiteko, jolas moduan, haur bati proposatu diot baloiak sestora botatzeko, ea sartzen zituen, eta bota duen lehenengo baloia sartu egin du eta motibatu egin da. Ondoren berdina egiten jarraitu dugu baina konturatzen nintzen hala jarraituz gero denbora pila pasako genuela biltzen (baloi guztiak ez baitziren sestoratzen) eta ez zigula denborarik emango egin nahi zen guztia egiteko, orduan jokoa gelditu eta beti bezala jasotzeko proposamena egin dut. Kasu honetan adibidez, haurrek biltzearena ez dezaten lan pisutsu moduan hartu, egokia iruditzen zait nik proposaturikoa baina, bestalde, denbora gutxi dago halako jarduerak egiteko, (denbora urritasun hori curriculumarengatik da, honek esaten dituen gauza guztiengatik) ez dakit zein izan daitekeen irtenbidea. Lehen aldiz egon naiz koordinazio bilera batean.
Izen guztiak jada badakizkit! Ni oso txarra naiz izenak ikasteko baina, praktiketara etorri aurretik horrenbeste esan digute unibertsitatean oso garrantzitsua dela lehenbailehen ikastea, nahi gabe egin dudala.
Espero nuena baino lasaiago sartu nintzen gelara, hau nik normalean gauza berrien aurrean oso urduri jartzeko joera dudalako diot. Nire amarekin nago gelan eta horrek asko lasaitu ninduela uste dut. Haur guztiek (nire amak lehenagotik esana zielako) bazekiten nor nintzen, Rosaren alaba. Informatika gelara joatea egokitzen zen lehen orduan beraz, haurrekin aurkezpen "formalik" egin gabe geratu naiz, ziztu bizian joan baikara ordenagailuetara. Bertan bakoitzak bere ordenagailua izan du Xango-ren ariketak egiteko (matematika jolasak, hizki jolasak, etab.) eta harritu nauen gauzetariko bat haurren kontzentrazioa izan da. Kurtsoan zehar landuko dituzten gaietatik 2.a amaitua dutenean, garraioak, iritsi naiz ikastolara eta azken detaile moduan irakasleak kohete bat egiteko asmoa zuela esan dit. Irakasleak ziklo bileran eta haurrak bazkaltzen ari ziren bitartean nire kabuz egin dut kohete bat eta bilera ondoren irakasleak ikusi duenean asko gustatu zaio. Arratsaldean mailako 2 gelak jolastokira irten gara eta kohetea hegan jarri dugu. Haur guztiak izugarri motibatuak egon dira prozesu guztian. Ume batek, Enarak, marrazki bat oparitu dit.

